Mota hauetakoak izan daitezke:
A) Buruko edo muturretako pitzatuak: piezaren muturretan sortzen dira. Bi hauen artean bereizi ohi da: zartadura (pitzatuak pieza zeharkatu eta bi aurpegiei eragiten dienean) eta pitzadura (bestelako kasuan).
B) Gainazaleko pitzatuak: piezaren aurpegietan sortzen dira. Kopuruaren, luzeraren eta sakoneraren arabera ebalua badaitezke ere, gainazalaren egoera patroiekin alderatzea da ebaluatzeko jarraibide ohikoena.
C) Barne-pitzatuak: piezaren barnealdean garatzen dira, gainazalari eragin gabe. Piezaren zeharkako sekzioetan ikusten dira.
JATORRIA:
Kasu guztietan, edozein motatakoak direla ere, pitzatuak honela sortzen dira: lehortzean aurrera egin ahala, zuntzaren asetasun-puntuaren azpitik, uzkurdura desberdinak agertzen dira aldameneko geruzen artean eta, ondorioz, zuraren trakzio-erresistentzia gainditzen duten tentsioak sortzen dira.
- Buruko pitzatuak:
Zur-zuntzek oholaren norabideari jarraitzen diotenez, buruak azkarrago lehortzen dira zuraren gainerakoa baino. Horrek hezetasun-gradiente bat sorrarazten du oholean zehar. Izan ere, hezetasuna txikiagoa da buruetan gainerakoan baino; horrenbestez, buruek lermatzeko joera dute eta piezaren gainerakoari lermatzea galarazten diote. Horrek tentsio-fluxu bat eragiten du (buruetan trakziokoak dira, eta gainerakoan konpresiokoak).
Trakzio-tentsioak handiegiak direnean, zura hautsi egiten da eta, horrekin batera, pitzatuak agertzen dira.
- Gainazaleko pitzatuak:
Hezetasun-gradiente bat egoteak (bestelako hezetasun-mailak piezaren zati desberdinetan) lermatzeko joera duten maila desberdinak izatea dakar berekin. Hortaz, zura gorputz solidoa denez, tentsioen egoera bat azaltzen da (gainazalean zuntzarekiko trakzio perpendikularrekoak dira, eta barnealdean konpresiokoak).
Tentsioak handiak direnean hezetasun-gradiente handiagatik (hori, era berean, lehortze azkarraren ondorio da), zura hautsi egiten da gainazalaren aldetik, trakzioarekiko oso erresistentzia txikia baitu.
- Barne-pitzatuak:
Barne-pitzatuak bi efekturen ondorioz sor daitezke: kolapsoa edo zementatzea. Nolanahi ere, aurreko kasuan ez bezala, akats larritzat har daiteke, ondorengo edozein lanketatarako zura praktikan baliorik gabe uzten duen akats larritzat.
- Zementatzea:
Zementatzearen fenomenoa sortzen da lehen lehortze-faseetan piezaren geruza kanpokoenak lehortzen direnean eta barneko geruzek, ordea, ase irauten dutenean. Geruza kanpokoenen hezetasun-maila zuntzaren asetasun-puntuaren azpiko hezetasun-edukietaraino jaisten denean, kanpoko geruzak lermatzen hasten dira; barrukoek, ordea, oraindik heze diraute eta, ondorioz, ezin diete kanpokoei jarraitu beren higiduran. Ondorio gisa, lehortze-prozesuak aurrera egiten du kanpoko geruzetan. Horiek trakzioaren eraginpean daude, eta barrukoak konpresioaren eraginpean. Hezetasun-gradientea oso altua bada, kanpoko geruzen konpresioa hain handia izan daiteke, non uraren kanporanzko fluxua eten baitezakeen.
IRTENBIDEAK
Buruko pitzatuak ez agertzeko, eragotzi behar da piezak alde horretatik lehortzea eta, horretarako, airea piezen luzeraren noranzkoan igarotzea. Hortaz, piezak aire zabalean lehortzen badira, komeni da pilak aire nagusiarekiko perpendikular ipintzea, arrastelak piezaren muturretik jartzea eta, beharrezkoa balitz, buruetan poro-estalgarri bat aplikatzea ere. Piezak ganberan lehortzen badira, nahikoa da pilak aire behartuarekiko perpendikular ipintzea.
Barne-pitzatuak agertzea eragozteko, zura lurrundu beharra dago, piezen barneko hezetasuna zuntzaren asetasun-puntutik jaisten hasten denean behinik behin (zurak % 25 inguruko batez besteko hezetasuna duenean gertatzen da hori). Lehortzen ari den zur-espeziea oso trinkoa eta nerbioduna bada, komeni da hura gutxienez beste behin lurruntzea, zurak % 15 inguruko hezetasuna duenean.
Zementatze agertzearen ohiko adibidea izaten da aurretik airean lehortutako zura bero-lehortegi batean sartzen denean. Halakoetan, lehortzen hasteko, airean aurretiaz lehortutako zura ondo lurrundu beharra dago.