Inpregnabilitatea zurak bere barnean likidoak sartzeko eta barruan mugitzeko duen gaitasuna da.
Zuraren inpregnabilitatea aldatu egiten da espeziearen eta zuhaitz beraren atalaren arabera. Horrela, adibidez, xurgagarritasun desberdina dute zurgiharrak eta zurgizenak, sustraietako eta adarretako zurek, akatsik gabeko zurek eta akastunek…
Orokorrean, zur bigunek gogorrek baino xurgatzeko ahalmen handiagoa izaten dute eta zurgizenak zurgiharrak baino handiagoa. Fitxa teknikoetan adieraziko da zurgizenak eta zurgiharrak zer gaitasun duten produktuak xurgatzeko.
Inpregnabilitatea neurtzeko, zura autoklabean sartzen da, eta presio handiz egindako tratamendu batekin, denbora jakin baten ondoren, produktua zuretan zer sakonerataraino sartu den neurtzen da.
EN 350-2 arauaren 2. zatian, zuraren sailkapena egiten da inpregnabilitatea kontuan hartuta, eta sailkatzeko, 1etik 4ra arteko zenbakiak erabiltzen dira. Baina fitxa teknikoetan, sakonera-neurria agertzen da ezaugarri hori adierazteko.
Taula honetan inpregnabilitatearen araberako sailkapena ikus daiteke, zuraren barnean likidoak hartzen duen sakoneraren neurriarekin eta EN 350-2 arauak ematen dituen inpregnabilitate-balioekin.
Inpregnabilitatea (EN 350-2 araua) | Sailkapena | Sakonera |
1 | Guztiz xurgagarria | Dena |
2 | Erdixurgagarria | > 6mm |
3 | Xurgagarritasun txikikoa | 3 mm eta 6 mm artean |
4 | Ez-xurgagarria | < 3 mm |
Zura autoklabean sartzen |