Adabegiak

Adabegia sarturik gelditu den adar baten hasiera eta abiapuntua da. Adabegiak ez dira akatsak zuhaitzaren fisiologiaren ikuspegitik; baina zura lantzean eragozpenak sortzen dituzte, eta horregatik, akats gisa hartzen dira.

Adabegiak irizpide hauen arabera sailkatzen dira:

  • egoeraren arabera: osasuntsuak, solteak, beltzak eta ustelak.
  • itxuraren arabera: biribilak edo zirkularrak, ziri erakoak eta obalatuak.
  • neurriaren arabera: eper-begi modukoak (diametroa < 5 mm), txikiak (5 mm eta 15 mm artekoak), ertainak (15 mm eta 25 mm artekoak), handiak (25 mm eta 40 mm artekoak) eta oso handiak (> 40 mm).

 

Adabegi osasuntsuak
Adabegi ustelak
Adabegi solteak Adabegi biribilak

Adabegiek eragozpen handiak sortzen dituzte bai mekanizazio-lanetan (zerratzean, iltzatzean, torlojutzean, kolatzean, lixatzean eta bernizatzean), bai arlo mekanikoan. Hori dela eta, zur-galera handiak izaten dira eta lana deseroso bihurtzen dute.

Zura kalitatearen arabera sailkatzeko, parametro erabiliena adabegi kopurua izaten da.