Deformazio ohikoenak hauek dira: aurpegi-kurbadura, albo-kurbadura, kopadura eta biribiltzea.Erronbotzea ez da hain ohikoa. Sekzio karratuko piezak (adibidez, hesi-taketak) lehortzen direnean izan dezake eragin handiena.
Aurpegi-kurbadura: bi aurpegiak kurbatzen direnean piezaren luzetarako ardatzarekiko.
Albo-kurbadura: ertzak kurbatzen direnean piezaren zeharkako ardatzarekiko.
Biribiltzea: alboak kurbatzen direnean, aurpegi bereko lau izkinak plano berean geratzen ez direla.
Erronbotzea: piezaren sekzioaren distortsioa da, piezak aldameneko aldeen arteko ortogonaltasuna galtzearen ondorioz.
Aurpegi- eta albo-kurbadura eta biribiltzea dagokien geziaren arabera kalibra daitezke. Kopadura ebaluatzeko, altxatutako izkinak beste hiru izkinek osatutako planoaren gainean hartzen duen altuera kontuan hartu ohi da. Hala ere, altxatutako muturrak sortzen duen angeluaren tangentearen arabera ere ebalua daiteke. Erronbotzea neurtzeko, sekzioaren aldeetako edozeinek bertikalarekiko duen malda hartzen da kontuan.
A) Jatorria
1. Pilatzearekin eta arrastelatzearekin lotutako deformazioak
2. Lehortze-instalazioarekin lotutakoak
3. Pieza bakoitzaren baitan hezetasunaren banaketa irregularrarekin lotutakoak
Asko dira deformazioen iturburuak. Horietako batzuk enborki-zurak dituen ezaugarrien berezkoak dira, adibidez: zur gaztea, erreakzio-zura, haziera-tentsioak edota, besterik gabe, uzkurdura tangentzialaren eta erradialaren arteko oso erlazio altuak.
B) Irtenbideak:
Iturburua arrasteletan dagoenean:
Dimentsio jakin batzuetako arrastelak ipini beharko dira, haien artean tarte bat utzita; lehortu beharreko oholen lodieraren arabera. Pilatzeari dagokionez, komeni da lehortu beharreko oholen luzerak bateratzea, ahal den neurrian. Are eta garrantzitsuagoa da lodierak uniformeak izatea, horrek eragina baitu pilaren prestaketan, lehortzearen iraupenean eta zedularen hautaketan.
Iturburua lehortze-instalazioan dagoenean:
Deformazioak eragozteko era bakarra lehortegia aldizka ikuskatzea da (itxiturak, tximiniak, haizagailua, etab.). Orobat, komenigarria da zirkulazio-noranzkoa alderantzikatzeko sistema duten haizagailuez lehortegia hornitzea, horrek arindu egingo baititu zirkulazio desegokien ondorioak.
Deformazioak hezetasunaren banaketa irregularraren ondorio direnean:
Aurpegien, alboen edo buruen hezetasun-maila desberdinaren ondoriozko akatsen jatorria da airearen banaketa okerra lehortegian; instalazioak berak eraginda (zur pilak gaizki antolatuta egoteagatik, airearen zirkulazio egokia galarazten dutelako) edo arrastelak oker antolatzearen ondorioz. Arazo horietarako irtenbidea da eragiketa horiek egokiro gauzatzea.
Oso sarritan, pilak bata bestearen ondoan guztiz itsatsita ipintzen dira. Horrek eragotzi egiten du lehortegian aireak behar bezala zirkulatzea. Zurezko pilen artean, gutxienez 30 cm-ko tartea utzi behar da.
Sekzioan hezetasuna gaizki banatzearen ondoriozko deformazioak arindu egiten dira homogeneizatze egokiaren bidez. Eragiketa horren helburua da lehortze-ganbera baldintza jakin batzuetara eramatea; pieza lehorrenek hezetasuna xurgatzeko eta pieza hezeenek, ordea, lehortzen jarraitzeko moduan.
Deformazioen jatorria zuraren berezko ezaugarriak direnean:
Ezer gutxi egin daiteke deformazioak eragozteko; zatikatzeak egitean, dagoeneko ezarritako argibideak zorrotz betetzea ez bada. Lehortzean, aurreko jarraibideak betez gero, murriztu (eta eragotzi ere) egiten dira deformazioak. Deformazioaren iturburua uzkurdura tangentzialen eta erradialen arteko erlazio altua baldin bada, behin-behineko irtenbide bat izan daiteke zur-oholak aurpegi tangentziala beherantz dutela ipintzea eta horrela eratutako pilei karga bat aplikatzea.