Zurei kalte handiena eragin diezaieketen intsektuen erasoak dira. Oro har, Espainiako termita ohikoena Reticulitermes lucifugus espeziekoa da. Hala ere, badira ere Kalotermes flavicollis eta, Kanarietan berariaz, Criptotermes brevis espezieak.
Lehen aipatutako xilofagoek ez bezala, Reticulitermes-en kasuan, langile-kastako intsektu helduek egiten dute eraso. Intsektu horiek ez dira bizi zuraren baitan, lurzoru barnean kokatutako termitategietan baizik.
Gauez, termitak termitategietatik irteten dira elikatzeko zura dagoen eremura abiatzeko. Horretarako, lurzoru barnean galeriak eraikitzen dituzte, zenbaitetan ehun bat metrokoak. Inoiz ere kanpora atera gabe, gai dira eraikinetan sartzeko, hormigoia zulatuz edo kanpoko galeriak eginez. Horretarako, kareore izugarri gogorra fabrikatzen dute. Xede-zurera heldu ondoren, zur horretaz elikatzen dira zelulosa baliatuta. Horretarako, zuntzaren norabidean galeriak egiten dituzte eta zerrautsik gabe uzten dituzte, guztiek egunero euren lurraldera itzuli behar dute eta.
Aurreko kasuetan ez bezala, termitek ez dute erasoaren arrastorik uzten (ez dago irteerako zulorik), eta erresistentziarik ezagatik zura hausten denean ikusten da kaltea.
Termitek bizitzeko hezetasuna behar badute ere, ez dute eragozpenik zur lehorrei eraso egiteko. Horretarako, zurari hezetasuna dakarkiote. Termiten joan-etorriei dagokienez, aipatzekoa da ere helburura iritsi arte ehunka metro egin ditzaketela. Horretarako, tarteka erresistentzia-habiak eraiki ohi dituzte.
Inguruabar horien guztien ondorioz, intsektu sozialak izatearekin batera (kolonia bakoitzean milaka banako elkartzen dira), termitek auzo osoak aldi berean arriskuan jartzen dituzte (Espainian esperientzia zabala dago horretan).
Kalotermes espeziea zuhaitz bizien barruan bizi da. Beraz, baso-masen gaineko izurrite bat da, zuraren aurkako eraso bat baino gehiago. Oso gutxitan egiten die eraso zurezko egiturei.