Ziurtapena nola lortzen den

Nabarmendu beharra dago baso-azalera baten BKI baso-kudeaketa iraunkorraren ziurtapenak berekin dakarrela azalera horretatik lortzen diren produktuak ziurtatzea.

Bestalde, ziurtapena zuraren eta bere eratorrien produktuetara zabaltzen da. Horiek, dagozkien industriak manufakturatu ondoren, azken produktu ziurtatuak izango lirateke. Zaintza-katearen ziurtapena deritzo horri.

Baso-ziurtapena, funtsean, komunikazio-tresna bat da, kontsumitzaileari iraunkortasunaren bermea ematen diona: lehengaia sortzen denetik eskuratzen duen produktu bukatura iritsi arte.

Lehen adierazi bezala, munduan baso-ziurtapeneko zenbait sistema daude; baina, FSC eta PEFC dira bi nagusiak, bai azalera, bai zaintza-kate ziurtatuei dagokienez.

PEFC ziurtapenari dagokionez, hiru ziurtapen-maila hauek daude:

  • Banakakoa - Kudeatzaile edo jabe bakar batek (fisikoa nahiz juridikoa) baso-kudeaketako bere unitateen ziurtapena eskatzen du. Ziurtatzeko modu hori oso erraza da PEFC ziurtapena lortu nahi duten jabe txikientzat.
  • Taldekoa - Zenbait kudeatzaile/jabe (fisikoak nahiz juridikoak) batu egiten dira legez eratutako erakunde batean, baso-kudeaketako beren unitate guztiak batera ziurtatzeko eta, horrela, ziurtagiri komuna lortzeko. Halakoetan, elkartea arduratzen da baso-azalera osoa kudeatzeaz. Gerta liteke euren mendiak ziurtatu nahi dituzten zenbait jabek edo kudeatzailek sozietate bat eratzea (kooperatiboa, etab.), euren lursailak batera ziurtatzeko. Hala, kudeaketa errazagoa eta errentagarriagoa da. Izan ere, gastuak jabeen artean banatzen dira eta, bolumenagatik, betiere, banandurik jardunda baino errazagoa da tratamendu eta lan egiteko modu jakin batzuk eskuratzea.
  • Eskualdekoa (PEFC modalitatean soilik) - Taldekoaren antzekoa da, baina azalera-esparru handiagoaz; eskualde bateko baso-sektore osoa biltzen baitu. Ziurtapen konplexuagoa da, baina etekin ekonomiko handiagoa ematen du. Izan ere, kanpoko ikuskapenean, ikuskariek beren lana atxikitako unitate guztien gainean egin beharrean, unitate horien osotasunaren laginketa baten gainean egiten dute. Nolanahi ere, sistema horrek behartu egiten du kanpoko ikuskapenak egitera; erakunde ziurtatzaileak lagina hartu dueneko finketako batek ikuskapena gainditzen ez badu, ez baitu dagokion eskualdeko ziurtapenetako bat ere lortuko. Konplexua da, eskualdearen lurralde osoa kontrolatzeko eta hainbeste jabe eta kudeatzaile ados jartzeko zailtasunagatik; baina, lortuz gero, errentagarritasuna askoz handiagoa litzateke.

FSCren kasuan, hiru era nagusi hauek daude:

  • Banakakoa: Eskala globalean, FSCren kostuei eta ziurtapen-prozesuari aurre egiteko zailtasunik ez duten kudeaketa-unitateei eta enpresei zuzenduta dago.
  • SLIMF (Small and Low Intensive Managed Forest): Ziurtapen-maila hau sortzearen arrazoia izan zen jabe txikiei eta kudeaketa-intentsitate txikiko mendiei aukera ematea FSC ziurtapenera hurbiltzeko edo berori lortzeko, baldin eta ordura arte horretarako aukerarik ez bazuten, bai kostu handiagatik (kostua nabarmen areagotzen da ziurtatu beharreko azalera murrizten den heinean), bai prozesuaren eskakizunengatik (zenbaitetan teknikoegiak mendien jabeek ulertu ahal izateko, batzuek prestakuntza urria baitzuten). Gainera, baliteke eskakizunetako batzuk eskala txikian beharrezkoak ere ez izatea, baso-aprobetxamendu handietan pentsatuz ezarri baitzituzten. Hortaz, azalera txikietarako neurriz kanpoko eskakizunak proposatu zituzten.

    Ziurtapen mota hau 2002an hasi zen garatzen, eta arazo bat antzematearen ondorioz sortu zen. Arazo hori nabarmena egiten hasi zen sistema ezarri eta berehala, 1999an. Izan ere, FSCk ziurtatutako 15 milioi hektareetatik, % 1 besterik ez zetorren azalera txikiko mendi pribatuetatik. Hori helburuaren aurka zegoen, mendi mota jakin batekiko bazterketa-egoera oro eragotzi nahi baitzen, munduko edozein lekutakoa izanik ere.

    Ekoizle txikien ziurtapena errazteko sortutako lehen mekanismoa talde-ziurtapena izan zen. 1998an eratu zen, eta baso-kudeaketako unitateei aukera eman zien taldean antolatzeko, FSC ziurtagiria lortzearren.

    Talde txikien arazoarentzat irtenbide gehigarriak bilatzeko, FSCk, 2002aren hasiera aldean, "Eskala txikian kudeatutako eta intentsitate baxuko basoetarako FSC ziurtapena eskuratzeko aukera zabaltzen" izeneko ekimena jarri zuen abian. Hala, 2003an, SLIMFetarako FSCren politika onartu zen. Horren arabera, mendi bat SLIMF gisa kalifikatu ahal izateko irizpideak zehaztu ziren, hura ziurtatzeko aplikatu beharreko prozedura erraztuez gainera. Ziurtapen-modalitate horretara biltzeko aukera dute hedadura txikiko mendiek (100 ha-tik behera), intentsitate baxuko kudeaketa dutenek edota, batik bat, baso-produktu ez-zurgaiak (adibidez, kortxoa, fruituak, perretxikoak, ehizakiak, etab.) lortzen direnekoek.

    SLIMF gisa hartu ahal izateko, mendiek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

     

    Mota honetako ziurtapena oso aplikagarria litzateke Espainian, bertako mendi gehienak jabe pribatuenak baitira eta, gainera, produktibitate txikiko lurrak baitituzte (batez ere, zerrenda mediterraneoan).

    Hona SLIMF ziurtapenaren onurak:

    • 1. Estandar erraztuak: FSCren Espainiako ekimenak egokitzapen bat garatu du FSC ziurtapenerako baso-kudeaketaren Espainiako estandarren SLIMFetarako.

      Hori lortzeko, hautabidezko adierazleak garatu behar dira; edo mendi txikientzat aplikatzekoak ez diren irizpideen gaineko oharrak nahiz, hobeto ulertzeko, argibide-oharrak sartu behar dira.

    • 2. Ikuskapen erraztuak egitea da onuragarriena, ikuskapenak egitea baita prozesu neketsuena.

    SLIMF ez diren mendietarako FSC ziurtapena lortzeko jarraitu beharreko urratsak hauek dira:

    • Aurretiazko ebaluazioa
    • Ebaluazio nagusia
    • Urtean behingo ikuskapenak
    • Aurretiazko ziurtapena

    Bestalde, SLIMFen kasurako prozedura honako hau izango litzateke:

    • Aurretiazko ebaluazioa ---------------------------------- Ez da beharrezkoa
    • Ikuskapen nagusia ------------------------------- 0 urtea
    • Jarraipen-ikuskapena ------------------------- 1. eta 4. urte artean bat (berrebaluazioa)

    Talde-ziurtapena: FSC ziurtapen modalitate hau eragiketaren kostuak minimizatzeko sortu zen; zenbait jabe elkartzeko eta, horrela, kostuak banatzeko aukera ematen baitu. Modalitate honetan, prozesua ere nabarmen errazten da: taldeak pertsona bat edo erakunde bat hautatzen du taldearen ordezkari gisa (ziurtapenaren arduradun izango da eta legez erregistratuta egon beharko du). Erakunde horren ardura izango da kide guztiek irizpideak betetzea eta, horretarako, kideei aldizka ikuskapenak egingo dizkie.

    Urtero, ziurtapen-erakundeak ikuskapen bat egingo dio talde-erakundeari, eta, laginketa bidez, kideetako bati ere ikuskapen bat egingo dio. Ziurtagiriaren 5 urteko baliozkotasun-epean, kide guztiei gutxienez bisita bana egin beharko zaie.

    Talde normalak eta "SLIMF" taldeak egon daitezke, hau da, SLIMF eskakizunak betetzen dituzten jabeen elkarteak. Horiek ere dagozkien onurak aintzatetsita dituzte.

    Bi sistemek marka, zigilu edo logotipo bat daukate, kudeaketa iraunkorretik datorren zura identifikatzen duena.

    Europako Parlamentuak 2006/02/16ko ebazpenean adierazi zuen zigilu horietako edozein daraman zurak legezkotasunaren eta aprobetxamendu-iraunkortasunaren bermea ematen duela.

    Ziurtapen-zigilu hori lortu nahi duten basoen jabeek, aurretiaz, dagokion sistemaren eskakizunetara egokituko den BKIa egiten aritu behar izan dute.

    Jarraian, Espainian finkatutako bi ziurtapen-sistemak deskribatzen dira: