FSC nazioarteko erakunde independentea, gobernuz kanpokoa eta irabazi-asmorik gabea da. 1993an eratu zen, ingurumenaren aldetik baso-kudeaketa arduratsua, gizartearentzat onuragarria eta ekonomikoki bideragarria sustatzeko mundu osoko basoetan. FSCk bi helburu ditu: batetik, zigilu bakarra sortzea (FSC ® zigilua), oro har aplikatzeko estandar batzuen bidez ziurtapenaren sinesgarritasuna bermatu ahal izango duena; eta, bestetik, ziurtatzeko ardura duten erakundeak egiaztatzea FSCren estandarren arabera.
FSCk hiru motatako ziurtagiriak luzatzen ditu: Baso-ziurtapena, zaintza-katea eta zur kontrolatua.
Ziurtagiri mota bakoitza produkzioaren etapa bakoitzarekin dago lotuta; baso-produktua produkzio- edo banaketa-katean non kokatzen den.
FSCren eskakizunak bete izana egiaztatzeak ziurtatu egiten du FSC etiketa daramaten materialak eta produktuak arduraz kudeatutako basoetatik datozela.
Baso-kudeaketaren ziurtapena basoen kudeatzaileei edo jabeei ematen zaie, baldin eta haien kudeaketa-jardunbideek FSCren printzipioetan eta irizpideetan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.
Zaintza-katearen ziurtapena ziurtatutako FSC baso-produktuen fabrikatzaile, errematatzaile eta banatzaileei aplikatzen zaie. Ziurtapen mota horrek egiaztatu egiten du FSC etiketarekin saltzen diren produktuek egiaz FSC material ziurtatuak biltzen dituztela eta euren produkzio-katean zehar kontrolatutako iturrietatik datozela.
Zur kontrolatua definitzearen arrazoia izan da enpresek edo erakundeek euren materialetan zur-iturri onartezinak sar dezaten galaraztea. FSC zur kontrolatua FSC zur ziurtatuarekin besterik ezin da nahasi, adibidez, FSC iturri misto gisa etiketatutako produktuetan.
Berariazko aukerak daude tamaina txikiko edo intentsitate baxuko lursailen jabeen eta erkidegoen baso-eragiketetarako.
FSCk ez du bere kabuz ziurtagiririk luzatzen. Ziurtapen-prozesua erakunde ziurtatzaileek gauzatzen dute. Horiek FSCrekiko enpresa independenteak dira.
Enpresa ziurtatzaile horiek baso-kudeaketa eta zaintza-katea ebaluatzen dute FSCren estandarren arabera. Erakunde ziurtatzaile egiaztatuak (homologatuak) besterik ez daude baimenduta FSC ziurtagiriak luzatzeko.
FSC ziurtagiria lortzeko, honako 5 urrats hauek eman behar dira: