Sarrera

CE marka bete-betean sartu da zuraren sektorean eta egungo errealitate bat bihurtu da. Horren adierazgarri da eraginpean gertatu den zurezko produktuen aniztasun handia eta horiek indarrean jartzeko datak, produktu gehienetan indarrean direnak, eta laster izatekoak gainerakoan.

Beraz, zuraren industria erronka handi baten aurrean dago: legeria berri bat (sektore askotan arrakastaz aplikatu dena) betetzearen alde apustu egitea, produktu fabrikatuak ezaugarritzeko eta kontrolatzeko urrats bat eginez eta kalitaterantz aurrera eginez, gure sektorean gaur arte ia ez zeuden prozeduren bidez. Hasieran eragozpena ematen zuena tresna bihur daiteke, sektorearen lehiakortasunari mesede egiten diona, eta zurezko produktuak eraikuntzako bestelako produktuen maila berean jartzen dituena segurtasun- eta kalitate-eskakizunei dagokienez (eta, beraz, erosteko aukerari dagokionez).

Eraikuntzako Produktuei buruzko 89/106/EEE Zuzentaraua (93/68/EEE Zuzentarauak aldatua) ikuspegi berriko zuzentarauen multzoaren zati da. Horiek ezartzen dute CE marka egitea nahitaezkoa dela beren eraginpeko produktuetan.

Eraikuntzako produktuak dira eraikin batean modu finkoan gehitzen diren guztiak. Horregatik, eraikuntza ez den beste helmuga bat duten zurezko produktu guztiek, hala nola enbalajea, paletak, etab., edo eraikuntzara bideratuak baina eraikinean edo ingeniaritza zibilean modu finkoan gehitu gabeak, hala nola altzariak, enkofratzeko taula, etab., ez dute eraman behar eta ez dute eraman beharko nahitaez CE marka, zuzentarau hori aplikatzearen ondorioz, behintzat.

CE markara egokitzea errazteko, arauak prestatu dira produktu bakoitzerako ezarritako funtsezko eskakizunak ebaluatzeko aukera izateko. Eskakizunak bi alderdiri buruzkoak dira batik bat:segurtasuna (produktuaren definizioa eta produkzio-kontrola) eta erantzukizuna (nor den produktuaren ezaugarri errealen arduraduna), eta beste bat gainera, argitasuna (eman behar den informazioa araututa dago edukian eta forman).

CE markaren izateko arrazoia segurtasuna da:propietateen balio minimo batzuk bermatzen dira, segurtasunean eragina dutenak produktua erabili bitartean. Fabrikatzaileak merkaturatzen duen produktuaren balioak aitortu behar ditu, eta saltzen dituen unitate guztietan bete beharko dira. Horretarako, produktu bakoitzerako aitortutako propietate guztien balioa zein den zehaztu behar du, eta balio horri produkzioan zehar eusten zaiola ziurtatu. Horrela, markaketa egiten duenak ardura hartzen du aitortutako balio minimoa betetzeko, eta bere sinadurarekin adierazten du. Zuzentarauaren filosofiari helduz, neurri honek eragina du eraginpeko produktu bat fabrikatu, merkaturatu eta, azken batean, merkatuan jartzen duen ororengan, fabrikatzaile handia edo txikia izan.

Bestetik, CE marka ez da inola ere kalitate-marka bat. Borondatezko izaera argia duten kalitate-markek existitzen jarraituko dute eta ondo existitu daitezke CE markarekin batera, beste propietate batzuk bermatuta eta/edo kontrola hobetuta, eta beti ere markaketa zuzen ezartzen lagunduta. Zigilu horietako batzuk dituzten enpresak, erakunde jakinarazi baten hasierako eta aldizkako ikuskapena behar duten produktuak fabrikatzen dituztenak, araudi hori betetzetik hurbilago egon daitezke, baina ez dute baimenik CE marka erabiltzeko eta, beraz, produktu horiek merkaturatzeko, ikuskapen horietan araudia betetzen dutela frogatu arte.

Egitura-zura

Europako araudian eta Eraikuntzako Produktuen Erregelamenduan aurreikusitakoari jarraituz, egitura-zur guztia behartuta egongo da eskuarki ezaugarritze-prozesuak esaten zaienen mende jartzera, UNE EN 14081-1 arau harmonizatuan ezarritako eskakizun nagusia betetzeko: egitura-zurezko pieza bakoitzean erresistentzia- eta zurruntasun-ezaugarri jakin batzuei buruzko prestazioak aitortzea, kalitate edo klase erresistente jakin bati erreferentzia eginez. Betebehar horrek zeharka betetzen du Eraikingintzaren Kode Teknikoaren "Zurezko" egitura-elementuen segurtasunari buruzko dokumentuan (DB-SEM) hitzartutakoa.

CE markaren aplikazio-eremua hemen dago:

  • Eraikuntza-obretara modu iraunkorrean bideratu behar diren produktuetan.
  • Eraikuntza-obren funtsezko eskakizunetan eragina duten produktuetan.

Ezartzen dituen funtsezko eskakizunak hauek dira:

  • Erresistentzia mekanikoa eta egonkortasuna
  • Segurtasuna sute-kasuan
  • Higienea, osasuna eta ingurumena
  • Erabilera-segurtasuna
  • Zarataren aurkako babesa
  • Energia aurreztea eta isolamendu termikoa

Funtsezko eskakizun horiek honela zehazten dira produktu bakoitzean:

  • Europako arau harmonizatuak
  • Europako egokitasun teknikoko dokumentuak

Interpretazio-dokumentu horiek ez dauden artean, nazioko oraingo xedapenen arabera ebaluatu eta merkaturatu daitezke produktuak.

EUROPAKO ARAU HARMONIZATUEK (EN) tradizional izeneko produktuak estaltzen dituzte eta funtsezko alde bat dute: ZA ERANSKINA izeneko eranskin berezi bat dagoela.