Hasierako eredu-saiakuntzak HES

Hasierako eredu-saiakuntzak arau harmonizatua aplikatzen den lehen aldian egin behar dira, aurrez haren xedapenen araberako saiakuntzak egin ez badira. Gainera, berriz egin behar dira beste produktu mota bat fabrikatzen hastean. Fabrikazio-prozesuan, lehengaietan edo eransgarrietan aldaketak egiten badira, hasierako eredu-saiakuntza gehiago egin behar diren ala ez ebaluatu behar da, eta nahitaezkoak izango dira aitortutako prestazioetan eragina izan dezaketen aldakuntzak detektatuz gero.

Hasierako eredu-saiakuntzak egitean, kontuan izatea komeni da CE markak produktuak familiatan edo produktu sortatan biltzeko aukera ematen duela, baldin eta saiakuntzaren emaitza ematen duten parametroak berberak badira produktu guztietan, saiakuntzak produktu okerrenarekin eginik analizatu beharreko ezaugarriei dagokienez.

Aukera hori kontuan izan behar da beti, kostua nabarmen merkatzen baitu produktu sorta bat ezaugarritzean. Kontuan izan behar den beste egoera bat da fabrikatzaileak ez dituela beti egin behar hasierako eredu-saiakuntzak; izan ere, produktu jakin batzuetarako eta funtsezko ezaugarri jakin batzuetarako Europako eta/edo nazioko araudian ezarritako balio generikoei heltzeko aukera dago, produktuek eskakizun jakin batzuk eta erabilera-baldintza jakin batzuk betetzen dituztenean.

Adibide argi bat da egitura-zura, fabrikatzaileak ez baitu egin behar hasierako eredu-saiakuntzarik UNE EN 14081-1 arauak ezartzen dituen erresistentzia- eta zurruntasun-prestazioak aitortzeko; gainera, nazio-mailan (UNE EN 1912 arauan) edo eskualde-mailan (hala nola Pino Soria Burgos berme-markan) ezarritako begizko sailkapen-arauei heltzeko aukera dago, baldin eta landu beharreko espeziea haren jatorri den herrialdeko edo eskualdeko sailkapen-arauan sartuta badago. Hasierako eredu-saiakuntza beste erakunde batek aurrez egin duelako gertatzen da hori.

Gaur egun, sailkapen-irizpideak onartutako zenbait sailkapen-arautan dituzten espezieak taula honetan adierazi dira:

Zuraren jatorria Sailkapen-araua Biltzen dituzten espezieak
Espainia

UNE EN 56544 (koniferoak)

UNE EN 56546 (hostozabalak)

Pinuak 

Eukaliptoak

Frantzia NF B 52001 Izei zuria, Serbiako izeia, pinuak, Douglas izeia, laritza, makala eta haritz frantsesa
Erdialdeko Europa DIN 4074 Izeia, Serbiako izeia, laritza eta pinu gorria
Herri nordikoak INSTA 142 Izeia, Serbiako izeia eta pinu gorria

Baina hasierako eredu-saiakuntza lehiakortasun-tresna ahaltsua da, lehengaira eta norberaren merkatura egokitutako sailkapen bat egin daitekeelako eta, horrela, lehiatik bereizi. Su-erreakzioa ere ezarritako balioarekin aitortzen da: adibidez, "ds2d0" egitura-zuretarako.

Bestetik, ez da ahaztu behar produktua jarriko den herrialdeko legerian produktu jakin batzuen propietate batzuen balio minimoak eska daitezkeela eta, modu horretan, balio horietara iristen ez diren produktuen erabilera murriztu egin daitekeela.