Eraginpeko zurezko produktuak

CE marka betebehar bat da fabrikatzailearentzat, eta haren produktuei horretarako ezarritako Adostasun Ebaluazioaren metodoren bat aplikatu beharko die. Ordainetan, eraginpeko produktuek joan-etorri askea (merkaturatzea eta zerbitzuan jartzea) egin dezakete Europar Batasuneko lurralde osoan zehar.

Enpresaren tamaina gorabehera, zuraren industriek kontuan izan behar dituzte fabrikako produkzio-kontrolaren eskakizunak, eta behartuta daude produkzioaren kontrol-sistema bat ezartzera, dokumentatzera eta mantentzera, merkaturatutako produktuak aitortutako ezaugarriekin ados izango direla bermatzeko. Horretarako, produkzioaren kontrol-sistemak barnean hartu behar ditu prozedurak, aldizkako ikuskapenak, saiakuntzak eta/edo ebaluazioak eta emaitzen erabilera lehengaiak, ekipamenduak, prozesua eta produktua kontrolatzeko.

Horretarako, eta hasiera batean, nahitaezkoa da ebaluatu beharreko produktuen ezaugarriak edo propietateak zehaztuko dituzten hasierako eredu-saiakuntzak egitea, eta horrela aplikatzekoa den arauarekin eta haren ZA eranskinarekin adostasuna frogatzea. Eraginpeko zurezko produktuari dagokion ebaluazio-sistemaren araberako saiakuntza horiek laborategi jakinarazi batek edo fabrikatzaileak berak egin beharko ditu.

Jarraian, eraginpean dauden zurezko produktuak bildu dira, aplikatzekoak diren arauekin, indarrean jartzeko datekin eta aplikatu behar den adostasun-ebaluazioaren sistemarekin (zenbait daudenean, bat edo beste aplikatzen da, aitortzen diren propietateen arabera).

1. taula: Eraikuntzara bideratutako zurezko produktuak, CE markaren eraginpekoak.

PRODUKTUA ARAU HARMONIZATUA INDARREAN JARTZEKO DATA ADOSTASUN EBALUAZIOAREN SISTEMA
Egitura-zur trinkoa UNE EN 14081-1 2012-10-01 2+
Zur laminatu kolatua UNE EN 14080 2011-12-01 1
Oinezkoentzako kanpoko leihoak eta ateak UNE EN 14351-1 2010-12-01 1,3,4
Zurezko zoruak (a) UNE EN 14342 201-03-001 1,3,4
Zoru laminatuak (a) UNE EN 14041 2007-01-01 1,3,4
Zurezko frisoak eta oholeriak (a) UNE EN 14915 2008-06-01 1,3,4
Zuretatik eratorritako taulak (a,b) UNE EN 13986 2006-06-01 1,2+,3,4
Zur mikrolaminatua UNE EN 14374 2006-09-01 1
Zurezko uhinbikoak UNE EN 1317-5 2011-01-01 1
Zurezko pantaila akustikoak UNE EN 14388 2009-01-01 3
Zurezko egituretarako konektoreak UNE EN 14545 2010-08-01 2+,3

(a) Produktu hauei guztiei adostasun-ebaluazioaren 4. sistema bat esleitzen zaie, baldin eta produktu bakoitzaren arau harmonizatuetan ezarritakoak baino su-erreakzio klase handiago bat aitortu nahi ez bada, arrazoi hauengatik: fabrikazio-prozesuan argi identifika daitekeen etapa bat egoteagatik, su-erreakzioaren sailkapenean hobekuntza bat sortzen duena (1. sistema), edo aurreko kasuetako batean ere sartuta ez dauden produktuak egoteagatik (3. sistema).

(b) Gainera, zuretatik eratorritako taulak, egitura-erabileretara bideratutakoak, 2+ sistema batera igarotzen dira.

Halaber, komenigarria da kontuan izatea zuzentarau hori ez dela estatikoa, inondik ere ez; izan ere, produktu berriak ari dira gehitzen pixkanaka CE markaren eraginpeko produktu-zerrendan. Aurreikusi denez, epe laburrean eraginpean egongo dira zurezko beste produktu batzuk, hala nola oinezkoentzako barneko ateak, suaren aurkako ateak eta leihoak eta finger joint-ekin lotutako zura, besteak beste.