Azken urteotan, Espainiako mendietan zuhaitzez estalitako azalera areagotzen ari da, nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueraren goren aldiaren ondoriozko baso-soiltzeak atzera egin baitu, azken hamarkadetan jarduera horrek izandako gainbeheragatik.
Bestalde, bertan behera utzitako nekazaritza-lurrak basoberritzeko azken bosturtekoetako politikak (NPB Nekazaritza Politika Bateratuak bultzatutakoak) horren eragile garrantzitsuak izan dira: milaka hektarea basoberritu dira azken urteotan, basoberritutako azalera espero zena baino txikiagoa bada ere.
Espainiako landa-biztanlerian eraldaketa sakona izaten ari da, arrazoi ugari direla eta. Horien artean, aipatzekoak dira biztanleriaren beherakada (gainera, zahartutako biztanleria da), ohiko aprobetxamenduak bertan behera uztea (bai nekazaritzakoak, bai abeltzaintzakoak), zuraren eta bestelako baso-produktuen prezioek izandako geldialdia edo jaitsiera eta basoen aprobetxamendu-kostuen igoera.
Hala, beste faktore batzuen artean, honako hauek eragin erabakigarria izan dute Espainiako mendien leheneratzean eta baso-azalera zuhaiztunaren areagotzean: nekazaritza-lurrak basoberritzearen aldeko politiken eragina eta milaka hektarearen gaineko mendeetako nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera orokorrean utzi izatea, baso-azpisektorearen jardueraren ondoriozko eskulan kualifikaturik ezaz gainera.
Bestalde, Espainiako mendi gehienak ez daude ordenatuta (neurri handi batean, jabetza pribatukoak direlako eta, duten errentagarritasun txikia dela eta, ez delako oso bideragarria kudeaketa-gastuak areagotzea); hala, antolatutako mendi gehienak jabetza publikokoak dira. Egoera horren ondorioz, baso-azaleraren adierazitako igoera inolako kontrolik edo aurreikuspenik gabea izan da.
Itxura denez, Espainiako basoaren berehalako etorkizunean, bertako baso-sektoreko produktuek nazioarteko merkaturako erakargarriak izan behar dute. Horrek nahitaez eskatzen du baso-kudeaketa iraunkorrari buruzko irizpideak betetzea. Hala, mendiak aukera ekonomiko errentagarria bihurtu daitezke, sektore pribatua haien kudeaketa aktiboa eta egokia egitera bultzatuko duena.
Badirudi filosofia berri hori fruituak ematen ari dela. Izan ere, Espainian gero eta azalera handiagoa dago BKIaren mende, gora egiteko joera nabarmenaz.