Egun, gero eta gehiago onartzen da akats bat dela basoak baliabide zurgaien iturri gisa soilik ikustea. Oso garrantzi handikoa da basoak baso-ekosistematzat interpretatzen hastea. Izan ere, basoek komunitate biologiko konplexuak eratzen dituzte, zur-produktuez gainera, zurarekin zerikusirik ez duten produktu garrantzitsuak ematen dituztenak, ingurumen-zerbitzuak hornitzen dituztenak, eta gizakiaren osasunerako eta ongizaterako ezinbesteko eginkizun ekologikoak eta sozialak betetzen dituztenak.
Horregatik, basoak funtzioaniztunak direla aditzera eman beharra dago. Horietako asko oso garrantzi handikoak dira; baina, hain agerikoak izanik, ez diegu erreparatzen ere.
Hona basoek betetzen dituzten eginkizun anitzetako batzuk:
Produktiboa: Zura eta bere eratorri industrialak, biomasa, egurra, erretxina, ehiza (ehiza-baliabideak), arrantza (arrain-baliabideak), fruitu lehorrak, erlezaintza, aprobetxamendu mikologikoak.
Olgeta: Mendi-ibiliak, arrantza, ehiza, aire zabaleko jarduerak, turismoa.
Didaktikoa: Eskolak, institutuak, Unibertsitatea, ikerketa.
Ekosistemei buruzko azterlana: Sendatzeko erabilerak, hainbat animalia- eta landare-komunitate…
Kanpo-eragina: Basoek ondorio mesedegarriak dakartzate gizakiarentzat, euren funtzio naturalak betetzeagatik besterik gabe. Landare-komunitateak karbono-hustubideak dira; hazteko, CO2-a (karbono dioxidoa) eta O2-a behar dituzten organismoak dira, eta prozesu horretan O2-a (oxigenoa) askatzen dute. Oxigenoa ezinbestekoa da, besteak beste, gizakiaren bizitzarentzat, eta lurzorua sortzen eta ziklo hidrologikoa erregulatzen laguntzen du. Gainera, kutsatzaileen araztaile naturala da.
Basoek eratzen dituzten paisaiak, ematen duten lasaitasuna eta bertan arnasten den airearen araztasuna beste onura batzuk dira gizakiarentzat.