Azterketa mikroskopikoa mikroskopio biologiko batekin egiten da, hobe argi transmititukoa bada, 10X, 40X, 100X objektiboekin eta 10 edo 15 handitzeko okularrekin, guztizko handitzea 100 eta 1.500 artekoa izan dadin.
Bereizketa elementu hauetan oinarritzen da:
Hostozabalek poroak (hodiak zeharkako sekzioan ikusita) dituzte; koniferoek, berriz, ez dute horrelakorik, eta horregatik esaten da zur ez-porotsuak direla. Hala ere, koniferoek erretxina-artekak izan ditzakete, baina anatomiaren aldetik ez dira hodiak bezalakoak (ertz irregularrak, erretxina sortzen duten zelula epitelialez estaliak) eta hodiak baino kantitate txikiagoetan agertzen dira beti.
Hostozabalen ehunen egitura koniferoena baino askoz konplexuagoa da, eta askoz zelula mota gehiago sartzen dira bere konposizioan. Hostozabalak, talde gisa, askoz aberatsagoak dira parenkiman erretxinadunak baino, bai zeharkako noranzkoan, bai luzetarakoan.
Hostozabalen erradio zurkarak aldakorragoak dira zabaleran eta altueran erretxinadunenak baino; izan ere, azken horiek uniseriatuak izaten dituzte gehienbat; hostozabalek, aldiz, uniseriatuak edo multiseriatuak izan ditzakete, oso ugariak eta parenkima kantitate handikoak, eta karaktere hori erabiltzen da hostozabalen zurak haien artean identifikatzeko.
Luzetarako zelulen eraketa erradiala koniferoen ezaugarria da haien sekzio normalean ikusten direnean alearen norabidean, baina ez da existitzen edo mozorrotu antzean agertzen da hostozabaletan. Hori, neurri batean, hodiak daudelako gertatzen da; izan ere, hodiek, plano horretan, tamaina aldakorreko poroen forma hartzen dute, eta eragotzi egiten dute luzetarako ehuna modu erradialean jartzea.