Zurak bereizteko azterketa makroskopikoarekin hasten da, horrek datu garrantzitsuak eman baititzake espezie batzuetan; gero azterketa mikroskopikoarekin jarraitzen da, eta kasu gehienetan benetako bereizketa zehatza ezar dezake horrek.
Azterketa makroskopikoa begiratu hutsez egiten da, edo 25 edo 50 handitzeko eskuzko lupa batekin edo estereoskopiko batekin.
Lehenik behatzen dira zurgizenaren eta zurgiharraren koloreari buruzko xehetasunak, izan dezakeen usain berezia, erretxina- edo goma-jalkinik edo bestelako jariakinik baden eta, baldin badago, azalaren itxura.
Erretxinadun zein hostozabaletan, zur goiztiarra, udaberrian eratua, ugariagoa eta argiagoa da udan eta udazkenaren hasieran eratutako berantiarra baino. Horrela, urteko haziera-eraztunak oso ondo bereizten dira, eta propietate hori erabiltzen da orokorrean zuhaitzaren urteak erraz kalkulatzeko.
Hostozabaletan, tamaina aldakorreko eta banaketa bereziko poro ugari daudela nabari da. Begiratu hutsez antzematen dira batzuetan, eta erraz ikusten dira beti lupa batekin begiratzean.