Mekanizazioa

Gidariak -sailkatzaileak- enborra mahaitik hartu eta orgara igotzen du, eskuzko prozesuaren edo prozesu automatikoaren bidez. Organ, alderik meheena zerra-orritik gertuen dagoen aldean jartzen da.

Enborra modu jakin batean jartzen da organ, enborraren ardatzak orgaren ardatzarekin bat eginez, hain zuzen ere, zuntzaren desbideratzea ahalik eta txikiena izan dadin.

Orduan, zerratzeari ekiten zaio eta enborraren zatirik zabalena kentzen da. Kendutako zati hori egurretarako erabiltzen da. Lehen zerraldia egindakoan, gidariak beste zerraldi batzuk egiten ditu harik eta nahi den kalitatezko habea eman dezakeen kota zehatza duen ohola lortu arte.

Alde bateko ebaketa amaitutakoan, enborra biratu egiten da prozesu berbera lau aldeetan egiteko, enbor angeluzuzena lortu arte. Enbor horretatik habe bat edo gehiago lortuko dira, eskaeraren eta enborraren diametroaren arabera.

Prozesu horretan, gidariak adi egon behar du enborrak aldez aurretik ikusi ezin den arazorik ba ote duen ikusteko. Esperientziadun gidariak ebakitzean zerra-orriak egiten duen soinu desberdinarengatik antzematen die anomaliei. Beste batzuetan, enborra behatu behar du. Enborrak kalitate-arazoa badu, ohol edo egur bihurtzen da. Dena den, zaila izaten da ziurtagirian bildutako zehaztapenak betetzen ez duen habe bat ateratzea. Prozesu automatikoan, sailakapena habea mekanizatutakoan egin behar da.