Arriskuaren analisia, funtsean, zurarekin edo produktu eratorriekin lotutako dokumentazio guztia aztertzean oinarritzen da. Hirugarren herrialdeetatik datozenean, inportazioak FLEGT lizentzia edo CITES baimena baldin badauka esportaziorako, arreta egokiaren sistema besterik gabe betetzat hartzen da, behar adinako legezkotasun-bermea ematen baitu horrek.
Beste egoera batzuetan, arriskua gutxienekoa dela edo arriskurik ez dagoela kontuan hartzen da. Espainian, mendi batetik zura ateratzeko, mozte-baimen bat edo erakunde eskudunak emandako jakinarazpen bat behar da beti. Administrazio-baimen hori zuraren legezkotasun-berme nahikoa da. Gauza bera gertatzen da baso-kudeaketa iraunkorraren edo zaintza-katearen ziurtagiria aurkez daitekeenean (PEFC edo FSC zigiluak).
Gutxieneko arriskuaren edo arriskurik ezaren beste adierazle batzuk:
- Zurak egiaztatze-sistema independentea, fidagarria eta ezarritako eskakizunen araberakoa du.
- Zura edo zuraren produktuak gatazkarik gabeko eta jatorrizko herrialdean legeria betetzen ez duten baso-aprobetxamenduen ebidentziarik gabeko herrialde batetik datoz.
- Zuraren jatorrizko herrialdeak ustelkeria hautemateko indize altua (4tik gorakoa) edo baso-politika sendoa du. Bertan ez dago baso-aprobetxamenduei eragiten dien arma-gatazkarik, eta zuraren legezkotasuna frogatzeko beharrezko dokumentazio guztia dago.
Kontuan hartu beharreko arrisku-adierazleak:
- Enpresak beharrezko dokumentazioa du legezkotasuna frogatzeko; baina, herrialdeak, hornitzaileak edo hornidura-kateak gatazkak izan ditzake edo lehen izan ditu.
- Jatorrizko herrialdeak zuraren produktuen inguruko ustelkeria hautemateko 4tik beherako indizea du eta/edo haiekin lotutako nazioarteko zigorrak ditu.
- Jatorrizko herrialdeak ustelkeria hautemateko 3tik beherako indizea du.
- Zuraren jatorrizko herrialdean legearen aurkako jardunbideak daudenaren ebidentziak daude, hirugarren alde independente batzuek antzemandakoak.
- Jatorrizko herrialdean ez dago deklaratutako zur-espezierik.
- Hirugarren alde independente batzuek aprobetxamendua egiten deneko herrialdean legearen aurkako jardunbideak behin eta berriz egotearen ebidentziak aurkeztu dituzte.
- Banaketa-katea konplexua da (hornidura-katearen urratsak nekez identifika daitezke).
- Enpresak ez du aurkeztu beharrezko dokumentazioa.
- Legezkotasuna frogatuko duen dokumenturik ez du.
- Hornitzailea ez da fidagarria (araudia bete ez izatearen ebidentzia ugari).