CITES

CITES

CITES hitzarmena (fauna eta flora basatiko espezie mehatxatuen nazioarteko merkataritzari buruzko konbentzioa) nazioarteko akordio bat da animalia eta landare basatietako espezieen nazioarteko merkataritzak haien biziraupenerako arriskurik ekar ez dezan zaintzeko.

Horretarako ezartzen duen sistema jatorrizko herrialdean esportazio-baimenak eta xede-herrialdean inportazio-baimenak lortzean datza (CITES baimenak). Hala, kanpo-merkataritzaren xede diren salgai guztiek behar bezala dokumentatuta egon behar dute, eta haien jatorria, helburua eta merkaturatzeko arrazoia zein diren jakin behar da. CITES baimen bat lortzeak jadanik SDDa betetzea dakarrenez, ez da beharrezkoa dokumentazio edo berme gehigarririk aurkeztea merkaturatutako zuraren legezkotasuna ziurtatzeko.

CITES hitzarmenak hiru eranskin bereizten ditu espezieen desagertze-arriskuaren arabera:

  • I. eranskina: desagertze-arrisku handiena duten animalia eta landareen espezieak.
  • II. eranskina: egun halabeharrez desagertze-arriskuan ez dauden espezieak; baina, horien merkataritza zorrotz kontrolatu ezean arriskuan egon litezkeenak.
  • III. eranskina: herrialde kide baten lurraldearen barruan araudipean dauden espezieak, herrialde horrek beste herrialde batzuen lankidetza behar duenean espezie horien ustiapena galarazi edo murrizteko helburuarekin.

CITES konbentzioari buruzko informazio gehiago lortzeko, kontsultatu hemen: http//www.cites.org/esp/.

Baso-ziurtapena eta zaintza-katea

Baso-ziurtapena idatzizko deklarazio bat da. Horren bidez, ziurtatu egiten dira landu gabeko zuraren jatorri iraunkorra eta haren egoera eta/edo ezaugarriak, hirugarren alde independente batek aurretiaz baliozkotuta. Hala, bermatu egiten da baso-kudeaketa iraunkorraren ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-printzipioen arabera kudeatutako baso batetik datorrela zura. Baso-ziurtapenak mendiaren baso-kudeaketa iraunkorra egiaztatzen du. Zaintza-kateak, berriz, produkzio-prozesuaren fase guztietan zehar baso-produktuen trazabilitatea egiaztatzen du.

Baso-ziurtapenak, legeria eta arreta egokia betetzea ez ezik, basoa iraunkorra izatea ere bermatzen du. Egun, PEFC eta FSC dira Espainian ezarpen handieneko baso-ziurtapeneko sistemak.

Mendi baten ziurtapena bi eratakoa izan daiteke: banakakoa (kudeatzaile edo jabe bakarra) edo taldekoa (legezko erakunde baten bidez elkartutako zenbait kudeatzaile edo jabe). PEFCk, gainera, eskualde-mailako ziurtapena ematen du.

Zaintza-katearen ziurtapena lortzeko, beharrezkoa da ziurtatutako zuraren trazabilitatea bukatutako produktura iritsi arte kontrolatuko duen kudeaketa-sistema ezartzea. Ziurtapen-sistemek zenbait metodologia garatu dituzte produktu batek duen ziurtatutako zur-proportzioa egiaztatzeko. Horien artean dago ehunekoen sistema (ohikoa PEFCn eta FSCn). Horretan, fabrikazio- eta merkaturatze-prozesuetan lehengaiak nahasteko aukera ematen da; baina, produktuan erabilitako zur ziurtatuaren ehunekoa kontrolatzea eskatzen da.

Informazio gehiago hemen: www.pefc.es - es.fsc.org

Intsinis pinuaren pilaketa Gipuzkoan