Errematatzaileak garrantzi handia du zura basotik zerrategira eramateko prozesu ekonomikoan. Basoaren jabeekin eta zura erosten dutenekin tratuan jarduten duen aditua da.
Douglas izeiaren kasuan, zuhaitzak 50-55 urte dituztenean botatzen dira, askotariko faktoreen arabera, hala nola zuhaitzen egoeraren, basoaren jabearen egoera ekonomikoaren eta era horretako zuraren eskaeraren arabera.
Douglas izeia egitura-erabilerako zur gisa balioesten da gehien, baina ezin da enbor guztia aprobetxatu helburu horretarako. Enborraren 2/3 zerrategira joango dira eta adaburuari dagokion herena paper-fabrika bateko parke batean bukatuko du, birrintzeko eta daukan zelulosa ateratzeko.
Zuhaitza zutik dagoela egiten zaio lehen ikuskapena zurari, eta, bertan, enborren tamaina, diametroa, forma eta zuraren egoera baloratzen dira. Lehen ikuskapen horren arabera, zura zertara bideratuko den erabakitzen da. Horrela, beraz, diametrorik eta kalitaterik handieneko enborrak egitura-erabilerako zura egitera bideratuko dira.
Eskuarki, errematatzaileak jabearekin tratua itxi baino lehen, zuhaitzak ikuskatzera gonbidatzen du azken bezeroa, adostasuna adieraz dezan, edo onesten dituen zuhaitzak marka ditzan, gainerakoak beste erabilera batzuetara bideratzeko, hala nola paletak egitera edo altzariak egiteko oholak egitera.
Aldeak ados jarritakoan, errematatzaileak hartzen du zuraren jabetza, eta horrekin batera, baita zura zerrategiko parkera edo paper-fabrikara eramateko ardura ere. Kubikatzen eta lermen estimazioa egiten daukan esperientziari esker, errematatzaileak prezioa mozkin-marjina eta guzti doi dezake.