Deskribapena

Hazkuntza-aldian konikoa da eta adarrak bertizilo faltsuetan antolatuta ditu; bertizilo horiek horizontal sortzen dira eta denboraren poderioz dilindari bihurtzen dira. Adarrak, hil ondoren ez dira askatzen, zuhaitzen enbor zuzenetan geratzen dira. Adaburuarekin batera, adarrek zuhaitza bota ondorengo talkak eragiten duen estresa leuntzea ahalbidetzen dute.

Azala, hasieran leuna eta grisaxka dena eta erretxina-besikula ugari dituena, lodi eta arre grisaxka bihurtu eta pitzadura ugari sortzen zaizkio.

Bere azikulak, bigunak, 3 cm-ko luzera izan arte haz daitezke. Goiko aldean berde argi eta grisaxka behekoan, limoi-usaina darie marruskatzen denean. Ernamuinek kono-itxura dute, eta arre gorrixka dira.

Pinaburuak dilindariak dira; ezkata meheak dituzte, brakteetan amaitzen direnak, hiruhortz-itxura hartuta. Berdeak dira eta marroi bihurtzen, pinaziak heldu ahala. Brakteak kolorez aldatzeak pinazia heldu dela esan nahi du. Abuztutik urrira bitartean, pinaburuak, ordurako marroiak direnak, ireki egiten dira eta pinaziak erori egiten dira. Hegoak dituztenez gero, landaretik urruti eror daitezke.