FPK edo fabrikako produkzio-kontrola produkzioa kontrolatzeko prozedura bat da; produktuaren trazabilitatea zehaztea ahalbidetzen du, baita egindako kontrolak eta kontrol horiek egin behar dituzten langileak identifikatzea ere.
FPK prozedura eraikuntzan -eta beste arlo batzuetan- erabiltzeko hainbat materialen fabrikazioan erabiltzen da, erabilitako materialen kalitatea bermatzen saiatzeko eta fabrikatzaile nahiz preskribatzaileen erantzukizuna mugatzeko.
Prozedurari jarraiki jarduten duela frogatzen duenak erantzukizun zibila izango du; eta hori frogatzen ez duenak, penala ere izan dezake.
Produktu bakoitzaren ezaugarriak zehazteko, estandar jakin batzuk definitzen dira, neurketarako baliatzen ditugunak. Zuraren kasuan, estandar hori zur mota bakoitzerako finkatu behar da; izan ere, espezie bakoitzak ezaugarri mekaniko jakin batzuk ditu.
Zura ziurtatzeko prozesuari produktuak eta CE markak ERAIKUNTZAREN KODE TEKNIKOAREN arabera ziurtatzea arautzen duen Europako Zuzentarauaren garapenetik abiatuta heltzen zaio. Kode tekniko horrek eskakizun-mailak identifikatzen ditu materialen helburuaren arabera. Egitura-erabilerako zurari 2+ maila dagokio.
Taularen arabera, egitura-erabilerako zura ziurtatu nahi duen zerrategiak FPK bat ezarri behar du, eta OCA batek -ziurtapen-erakunde akreditatu batek-, TECNALIAK esate baterako, ikuskatuko du urtero.
Zerrategiaren FPK-k produktua ziurtatzeko egiten den prozesua deskribatu behar du. Kasu honetan, enpresako langileek begizko sailkapena egingo dute. Prozesu horretan SAILKATZAILEEK erantzukizun handia dutenez gero, berariazko prestakuntza eskatuko zaie eta aldian behin ebaluazioa egingo zaie.
FPK-k UNE 17081 begizko sailkapenaren erreferentziazko araua garatuko du. Arau horrek irizpide jakin batzuk zehazten ditu, hain zuzen ere lortutako egitura-elementu bakoitzaren sailkapena egiteko bete beharreko ezaugarriak aztertzeko bete behar diren irizpideak.
Era berean, klase erresistentea sailkatzeko aukera ematen du, baina horretarako espezie bakoitzerako baliozkoa izango den patroi bat definitu behar da. Patroi hori, "ausazko" prozesu baten ostean eta saiakuntza ugari eskatzen dituzten araututako prozedura jakin batzuei jarraiki lortzen dena, espezie bakoitzerako hainbat sailkapen zehazteko erabiltzen da ondoren. Sailkapen horiek objektiboak izan ohi dira; hortaz, behaketa-aldagaien balioa zehatutakoan, zehaztasunak betetzen dituzten produktuei dagokien sailkapena egiazta daiteke.
Sailkapenak ikuspegi komertzialaren arabera egiten dira, balio estandarizatuetan errendimendu ona lortzeko.
Sailkatzeko modu horri esker, zerrategiak produktuari CE marka ezar diezaioke produktuaren sailkapena adierazita. Hortaz, aparteko ezaugarriak dituen enbor bati dagokionez, zerrategiak erantzun mekaniko handiagoa izango duela "berma" dezake; ezin du, ordea, hori ziurtatu.
Ziurtatu ahal izateko, patroitzat har daitekeen aldez aurreko erreferentziazko arau bat eduki behar da.
Orain arte, NF B 52001 araua da DOUGLAS izeia ziurtatzeko erreferentzia bakarra. Arau frantsesa da eta Frantzian jatorria duten enborretarako "soilik" balio du. Penintsulako enborrekin oso desberdintasun txikiak izan ditzakete, baina legearen arabera ez da ziurtatutzat ematen penintsulan jatorria duen egitura-erabilerako habe bat erreferentzia-arau frantsesaren arabera sailkatuta badago.
Beheko taulan ikus daitekeenez, izan litezkeen hiru sailkapenak hiru klase erresistente desberdinei dagozkie.
Gaur egun, Douglas izeia sailkatzeko erreferentziazko arau bat definitzen ari dira. Arau horrek, arraroa badirudi ere, arau frantsesaren ez bezalako eskakizunak izan ditzake, egindako laginketako entseguaren emaitzaren arabera.
UNE 1481-1 erreferentziazko arauari jarraiki, honako ezaugarri hauek hartu behar dira kontuan begizko sailkapenaren metodoaren bidez egindako ziurtapen-prozesuan: