Ohol-enborrak prestatzeko ekipoak

Zuhaitza adargabetzeko, mozkintzeko eta mozteko lanak eskuz egin daitezke motozerrak erabiliz. Tresna horiekin, adarrak eta adaburua kendu eta enborra eskatutako luzera komertzialen arabera moztuko da. Lan hori modu mekanizatuan ere egin daiteke prozesadore batez. Horrek zuhaitza errotik ebakitzen du eta, ondoren, askatu gabe, adargabetu eta aldez aurretik adierazi zaion tamainako zatietan mozten du.

Zuritzea, berriz, eskuz edo elementu mekanikoen bidez egin daiteke. Eskuzko zuritzea zuhaitz kopurua handia ez denean erabiltzen da, edo eskulana merkea denean, eta palatxoz, aihotzez edo motozerraz egin daiteke. Gainera, espeziearen eta urteko sasoiaren arabera izaten da, tenperatura eta hezetasuna ertainak edo handiak direnean errazagoa baita zuritzea.

Zuritze mekanikoa zuritzeko makinak erabiliz egiten da; makina horiek, funtsean, azala kentzeko elementuak txertatuta dituen ardatz bat dute, motor batek eraginda biratzen duena. Birrintzeko eta ezpalak egiteko baliabide mekanikoak erabiltzen dira, hala nola aurrebirringailuak, birringailuak eta ezpalak egiteko makinak.