Garraioa

Baso-materiala basoan metatu ondoren, zura zuzenean karga daiteke motzondotik bertatik eta bere helmugara eraman, basoan barrena garraiatzeko fase gehigarria bete gabe. Hori fabrika gertu dagoenean egin daiteke, baso-garraioko ekipoek zura fabrikara zuzenean eraman baitezakete. Ohikoena, aldiz, zura lehendabizi zamatzeko tokira eramatea izaten da (baso-errepidearen ondoan egon ohi da), urrutira garraiatu baino lehen. Horregatik, honako hauek dira garraioan eragina duten faktoreak: basoaren eta fabrikaren kokapen geografikoa eta haien arteko distantzia, baita beste batzuk ere, hala nola helmugako fabrikak har dezakeen zur-aukera eta erabilgarri dauden eta egokiak diren garraio motak.

Hainbat fabrikak askotariko zur motak onartzen dituzte (adarrak, 10-16 metroko ohol-enbor luzeak, 2-6 metroko ohol-enbor laburrak, ezpalak edo zatikatzeko egurra). Beste zenbaitek, aldiz, mota jakin batzuk soilik onartzen dituzte, hala nola errepidez garraiatutako ohol-enbor laburrak.

Zura errepidez, trenbidez, itsasontziz edo ibaian flotatuz garraia daiteke; edo, geografiaren eta distantziaren arabera, garraiobide horietako bat baino gehiago erabiliz. Alabaina, zura kamioietan errepidez garraiatzen da gehienbat.

Errepideko garraioan, bi puntu bereziki garrantzitsu nabarmendu behar dira langileen segurtasunari eta osasunari dagokienez: materiala presaz jasotzeko izaten den aparteko orduen eskaera, eta kontratatutako eta azpikontratatutako zerbitzuen kopuru handia.

Botatako zuhaitzen goiko herena paper-fabriketara garraiaten da. Aldiz, gainerako bi herenak zerrategira eramaten dira, eta, han, hainbat mekanizazio-prozesuren ondoren, nahi den produktua lortzen da.