Landatzen hasi baino lehen lurra prestatu behar da. Baldintzek aukera ematen badute, prestaketa-lan hori erreminta egokia duen traktore batez egiten da; adibidez, traktore horrek sasi-garbitzeko eta birrintzeko makina bat eta beste lanabes egoki bat eduki ditzake. Nolanahi ere, ekipoak lan-baldintzetarako egokia izan behar du eta haiei erantzuteko prestatuta egon behar du.
Douglas izeia ahalik eta baldintza onenetan landatzeko moduan prestatu behar da lurra, eta, beharrezkoa bada, prozedura errepikatu egingo da. Haizeak gogor eraso badiezaioke lurrari, gomendagarria izan daiteke lurra zerrendetan prestatzea, landarea babesteko.
Lurrak prestatzeko prozesua aldez aurretik zeuzkan baldintzen araberakoa izango da. Lurra mendian eta landaredi altuko toki batean badago, prestaketa-lanak sasi-garbitzeko eta birrintzeko makina batekin egiten dira; era berean, ez da sastrakadi lodirik lurperatu behar, onddorik ager ez dadin. Horrek lan handia ematen du eta hainbat pasaldi egin behar dira -onddo horiek eragiten dituzte armillariak landareari hazkuntzako lehen urteetan egiten dizkion erasoak-. Sasi-garbitzeko lanak bi ordu iraun ditzake lurra laua eta landaredi urrikoa bada eta lana golde batez edo are batez egin badaiteke; baina 10 ordu ere iraun ditzake, lurra malkartsua eta landaredi ugarikoa bada. Era berean, lanak ordu gehiago edo gutxiago eskatzea erabilitako lan-ekipoaren arabera izaten da. Malda handia badago eta beraz, gomendagarria bada makinarik ez erabiltzea, sasi-garbitzeko makina motxiladunarekin egiten da sasi-garbitzeko lana.
Landaredia egotea landarearentzat kaltegarria izan badaiteke, atrazinazko edo glifosatozko prebentzio-herbizidak erabili ohi dira landarediaren hazkuntza atzeratzeko.
Lurra sasiz garbitutakoan, egokitu egin behar da. 15 zentimetroko sustraiak dituzten landareentzat, gutxienez 30x30x30 cm-ko zulo bat egin behar da; hartara, sustraiak ondo babestuko ditugu iraulitako lurrez, eta bertan nahikoa ur metatu ahal izango da sustraiek lurrari eusteko.
Lan hori makinekin egin badaiteke, lurrerako egokiena den lanabesa erabiliko da, eta lurra etenik gabe edo zerrendetan landuko da, lurraren eta landarediaren ezaugarrien arabera. Lurra istiltzeko arriskua badago, kabailoiak egin daitezke goldearekin, ura drainatzeko. Kasu horretan, landareak kabailoiaren bizkarrean geratu behar du.
Mendiak lur-geruza urria duenean, lurpea lantzen da geruza emankorra burtzien bidez sakonduz. Horretarako, ekipo egokiak erabili behar dira eta lurra ezagutu behar da, luberritzea maila-lerroekin bat etor dadin, etenik gabe ala etenak utzita, kasuaren arabera.
Lana zuloak egitean badatza, dagokion lanabesa erabiliko da. Metodo hori praktikoa da maldako plantazioetarako, lurrak landareak behar adina harrotzeko eta ura jasotzeko aukera ematen duelako. Gainera, ez da higadurarik gertatzen. Ordenantzek araututako gutxieneko distantziak errespetatu behar dira. Horri dagokionez, ordenantza guztiak bete behar dira: baso-plantazioei buruzko ordenantza orokorrak, belardietan gutxienez 2 metroko tartea uztera behartzen dutenak, nahiz kasuan kasuko udal-ordenantzak.